Gaur, hilak 5, Santa Ageda eguna ospatzen da gure inguruko herrietan. Atzoko egunez, txikiek egun honen bezperan izaten den giroa bizitzeko aukera ederra izan zuten, nahiz eta koplak, abestiak… ez jakin. Kalera irtetean gora-beheran ikusiko zituzten umeak eta ez horren umeak zirenak kantari. Beraien aukera aurrerago etorriko da, urteak aurrera joan ahala, ikastolarekin kalera irtengo baitira beraien makila eskuetan dutela. Bitartean, kaleko giroaz konformatu beharko dute. Hemen duzue egun honetako kanturik ezagunena, koplekin batera.
SANTA AGEDA.
1.Zorion etxe hon(e)tako denoi
oles egitera gatoz
Aterik ate ohitura zaharrak
aurten berritzeko asmoz
Ez gaude oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz
baina eztarriz sano gabiltza
(e)ta kanta nahi degu gogoz.
2.Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna
Santa hau gaur hartu degu
gure bideko laguna
Haren laguntzaz bete gen(i)tzake
egun ontako jarduna

3.Bedeinkatua izan dadila
etxe hon(e)tako jendea
pobre (e)ta umil dabiltzanentzat
badute borondatea.
Santa Martiri maitea
dago errukiz betea
Berak alkantzatuko digula
osasuna (e)ta bakea.
4.Borrero gogor oiek diote
hilko da gaurko gauean
Lehen bez(a)in firme bilatu zuten
Santa hau biharamunean.
Esan zioten onean
nahi dezu gure legea?
Bestela presentatuko zera
poliziaren aurrean
5.Libertatea eskatzen diot
etxeko printzipalari
Santa Agedaren alabantzak
abestutzera noa ni
Eskerrak dizkit ipini
Santa bedeinkatu oni
Onen fedean bizi gaitezen
osasunez eta ongi.
6.Agur orain esaten diot
Santa onekin batean
urte ontxo pasa dezaten
osasunez (e)ta bakean.
Pobre umilen artean
beti erruki gaite(z)an
Karidadeak lagunduko du
Zeruko atean.
